Zertaz ari gara, prestigioaz ari garenean?

IKUSMIRA 40 urtera jarri, eta amesten dugun errealitateaz galdetu du Eusko Ikaskuntzak: zer nahi genuke eta zer behar dugu hara iristeko? 5e deitu diote proiektu horri: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen. Buru adina aburu, baina, besteak beste, euskararen prestigioa landu eta planifikatu beharra aldarrikatu dute batek baino gehiagok.

Zaila da euskararen plan estrategikorik ikustea, “prestigio” hitza dozena bat aldiz irakurri gabe. Nafarroako Gobernuak 2016an landu zuen Euskararen I. Plan Estrategikoak, adibidez, 30 aldiz aipatzen du prestigioa hitza, eta lan-ildo oso bat eskaini dio horren lanketari. Prestigioa eta erakargarritasuna izenburu eman dio. Onerako eta txarrerako, prestigioa komunikaziori lotu-loturik ageri da han eta hemen.

Soziolinguistika klasikoak hizkuntza-plangintzaren baitan oinarrizko bereziketa bat proposatzen du: corpusaren eta estatusaren plangintza (Heinz Kloss, 1969).
Corpusaren plangintza hizkuntzari berari lotua dago, alderdi linguistikoa lantzen
du. Estatusaren plangintzak hizkuntzaren alderdi soziala lantzen du: estatus legala ezartzea, hizkuntzaren aldeko kanpainak, hizkuntza-transmisioa bermatzeko ekimenak… Beste egile batzuek proposamen hori osatu egin zuten gero:

  • Cooperrek (1989) irakaskuntzaren plangintza proposatu zuen (acquisition planning), hiru helburu diferenterekin: (a) hizkuntza gutxitua (euskara) kanpotik etorritakoei irakaslea, (b) bertako ikasleei bere aurrekoen hizkuntza berreskuratzea, (c) etxetik (partez edo osoz) euskaldun diren ikasleak euskaraz eskolatzea.
  • Haarmann-ek (1990) prestigioaren plangintza mahairatu zuen (prestige planning), bere ustez horren atzean jarduera-multzo berezitua baitago. Prestigioa, batetik, hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia eta pertzepzioa da; bestetik, hiztunek hizkuntzari ematen dioten balioa.

Zertaz ari gara prestigioaz ari garenean? e5 proiektuaren baitan hiztun-komunitatearen kapitalei buruz hitz egiten zen: giza kapitala, kapital politikoa, kapital soziala… Prestigioa, alde horretatik, hizkuntzaren eta hiztun-taldearen kapital sinbolikoa da, eta lotura estu-estua du gainontzeko kapitalekin ere.

Nire ikuspegitik, prestigioaren kontu honek zerikusi handia du Eduardo Apodakak erabitzen dituen legitimitate eta influentzia kontzeptuekin.

Gustukoa dut bere azalpena, batzuetan abstraktu samar egiten bazait ere. Apodakaren esanetan, legitamitatea ez da soilik gai diskurtsiboa. Legitimitatea ekintzaren parte bat da, eta ez ekintzari zentzua ematen dion diskurtso bat. Diskurtsoa ezin da portaeretatik bereiztu.  Bien arteko artikulazioa da legitimitatea (edo influentzia): zentzu-artikulazioa. Legitimitatea portaera eta diskurtso baten arteko artikulazioa da, eta artikulazio horixe da egiten dugunari zentzua ematen diona. Zentzugintza da.

Nahi izatera, legimitatea jartzen den lekuan prestigioa hitza jarri. Berdin-berdin esanguratsua iruditzen zait niri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude