Mapa soziolinguistikoa. Irakurketa longitudinala

Mahai gainean dut 2016ko datu estatistikoei buruzko BAT aldizkariaren zenbaki monografikoa. Oraindik ez dut begiradarik emateko aukerarik izan, eta aitortu behar dut nagitasun puntu bat ematen didala.  Zentsuek eta inkestek errealitate soziolinguistikoaren mapa bat erakusten digute, baina hori besterik ez. Iruditzen zait zenbakiekin gehiegi tematzen garela batzuetan.

Edonola ere, ariketa bat proposatzen dizuet…

Eustaten web orrian, euskara-mailari buruzko datuak bilatu. Hemen, adibidez: Euskal AEko >=2 urteko biztanleria, eskualdearen, euskara-maila orokorraren eta adinaren arabera. Bai… oraingoz EAEkoak besterik ez.

Datu interesgarri batzuk:

  • Azken neurketaldian —2016an— 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean da euskaldunen portzentajerik handiena: % 87.
  • Adin-tarte horretan erdaldunak % 2,4 dira. Ulermena, beraz,  %100etik oso gertu dago.
  • Orain dela 10 urte ere, adin-tarte bera zen euskaldunena (10-14 urte bitartekoak), baina portzentajea 10 puntu txikiagoa zen orduan: % 76,6, alegia.
  • Hobekuntza nabaria da, beraz.

Xabier Isasik, ordea, irakurketa longitudinala proposatzen zuen, orain dela hainbat urte: adin-tarte bat hartu eta urtez urte bilakaera ikusi. Azken 3 neurketaldiak konparatu ahal ditugu, azken 10 urtean zer gertatu den ikusteko. Horiek horrela, 2006, 2011 eta 2016ko datuak alderatu ditugu, hurrenkera horretan:

  • 2006an, esan bezala, 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean % 76,6 ziren euskaldunak. Lautik hiru.
  • 2011n gaztetxo horiek 15-19 urte zituzten eta euskaldunen portzentajea txikixeagoa zen: % 73ra.
  • 2016an 20 eta 24 urte bitarteko gazteak ziren, eta euskaldunak % 69 ziren.

Gazte eta gaztetxo horien artean, 10 urtean, 7 puntu egin du behera euskaldunen portzentajeak. Zer gertatu da tarte horretan? Zilegi al da deseuskalduntzeaz hitz egitea? Faktore demografikoak al dira? Soil-soilik autopertzepzioekin du zerikusirik? Imajinatzen dut azken bi horien arteko konbinazio bat izan daitekeela, baina ideiarik ez.

Proba egin ahal duzue, eta zuen herriko datuekin aztertu. Esango nuke nahiko joera homogeneoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude