Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.

Euskara teknikariei jarriak

Ruperren kantu ezaguna parafrasetzeko tentazioa izan dut sarri: «Inork ez zidan esan teknikaria izatea zein nekeza den. Hobe nuela hautatzea munduko hiritarra izatea».

Sentsazioa gazi-gozoa da: inoren lurraldean ez egotea. Ez gara erabat administrazioa, administrazioak erabat onartzen ez gaituelako; ezta gizarte mugimendua ere. Euskara teknikaria ez da funtzionario peto-petoa, ezta karrerako funtzionario diren apurrak ere (gehienok interinoak baikara).

Norentzat ari gara lanean? Zein da gure “nagusia” eta zein da gure “bezeroa”? Alkatea eta zinegotziak? Administrazioa? Euskararen gizarte erakundeak? Herritarrak? Euskaldunak? Hobe galdera gehiegi ez egitea, krisi identitario batean murgildu nahi ez baduzu.

Noiz edo noiz gertatu izan zaigu teknikari moduan administrazioaren aurrean euskararen gizarte erakundeen demandak defendatu behar izatea. Ez da erraza. Are gutxiago demanda horien atzean gatazka puntu bat dagoenean. Langile komunitarioek “tentsio sortzailea” deitu izan diote horri, eta beren lanbidearen parte dela ulertzen dute. Halakoetan administrazioaren aurrean argudiatu beharra izaten da, eta eragileekin protesta berbideratzen saiatu: protestatik propuestara, gatazketatik proiektuetara, eta administrazioa bera desbordatu. Ez da lan erraza.

Euskara teknikariak bokazio aktibista eta herritarra duten jendea dira, lan profesional  bat egin nahian ari direnak, testuinguru formal eta burokratiko batean. Ez da harrigarria, beraz, halako nahasmendu identitarioa izatea.

Eta horiek horrela… zergatik lanbide hau hautatu? Kontua da gutako askok ez genuela euskara teknikari izatea erabaki. Egun batean esnatu ginen, eta han geunden gu… dinosaurioaren ondoan, hura eraldatu nahian.

Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako

ESANGURATSUA da gure artean diskurtsoari ematen diogun garrantzia. Gogoan dut TELP ikastaroetan ez dela horrela izaten. Diskurtsoa ez da apenas lantzen. Ferran Suayk esan ohi du hizkuntza bat erabiltze aldera benetan inporta duten aurreiritzi bakarrak geureak direla, eta ez besteenak.

Azalpenetan eta argudioetan gehiegi ez tematzea gomendatzen du, ez baitu merezi. «Zuk zergatik euskaraz tematu, gaztelaniaz ere ederki moldatzen bazara?», galdetuko dizute. Alferrik azalpenak ematea. Eztabaida horretan sartzea ahulezia erakustea da. Eta, inoiz, azalpenik eman behar izatekotan, arrazoi subjektiboak ematea aholkatzen du: «nahi dudalako, gogokoa dudalako, erosoa egiten zaidalako, edota sudur-puntan jarri zaidalako…»

Sarri, argumentazioari eta pertsuasioari begira jarrita, ′arma definitiboa′ bilatu nahi izan dugu: argudio totala, borobila, erabatekoa… Arazoa da —Ferran Suayren ustez— argudio historiko, politiko zein ideologiko guztiak eztabaidagarriak direla. Oscar Wilderen aipua ekartzen du gogora. ′Arrazoia omen da hobekien banatutako ondarea: jende guzti-guztiak uste du, une guzti-guztietan, arrazoi guzti-guztia duela′. Argudiatu ahal duzu, «Euskaraz egiten dut, euskalduna naizelako…»; baina ez da nahikoa izango: «Hori eztabaidatu daiteke, ezta? Izan ere, gaztelaniaduna ere bazara…», erantzungo dizute. Arrazoi subjektiboak ez dira horrelakoak. Ezin dira eztabaidatu. Zer esango dizute? «Ez, ez… zuk baietz uste duzu, baina ez duzu euskaraz egin nahi, ez duzu gogokoa, ez zaude eroso…».

Celso Emilio Ferreiro poeta galiziarraren poema hura ekartzen dit gogora:

Lingoa proletaria do meu pobo / eu fáloa porque sí, porque me gosta, / porque me peta e quero e dame a gaña; / porque me sai de dentro, alá do fondo…

Joseba Sarrionandiak euskarara ekarri zuen, “Poemas Náufragos” izeneko liburuan:

ITSASOAREN AURREAN ETZUNIK...

 Ene herriko hizkuntza proletarioan
 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako,
 Erizten diodalako, nahi eta gogoa dudalako;
 Barrutik sortzen zaidalako, gorbata jantzita
 Beren arbasoekiko amodioa eusten,
 Hilik dauden beren aitaiten hizkuntza,
 Ama hizkuntza mintzatzen
 Eta aurpegia altzaturik
 Lengoaiako marinelak, laborariak,
 Arraun eta area, edo branka
 Eta goldea izaten ez dakiten
 Sustrairik gabeko xalapartari tipiak,
 Hainbeste ergel deserrotu ikustean
 Hondatzen nauen tristura mingotsaren
 Sakonetik
 Sortzen zaidalako.

 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako
 Eta gureekin egon nahi dudalako, gure jendearekin,
 Beste hizkuntzan kondaturiko historia bat
 Luzaroan sufritzen duten gizon onen alboan.

 Ez naiz mintzo handikientzat,
 Ez naiz mintzo doilor eta boteretsuentzat,
 Ez naiz mintzo harroentzat,
 Ez naiz mintzo ergelentzat,
 Ez naiz mintzo hutsentzat;
 Etengabeko gezurrak eta zuzengabeak
 Sendoro jasatzen dituztenentzat mintzo naiz;
 Begi biluzien mitxeleta, su
 Eta haizezko eguneroko negarra
 Izerdiz eta malkoz darienentzat.
 Ezin ditut ene hitzak munduan
 Sufritzen ari diren guziengandik aldendu.

 Eta zu munduan bizi zara, lur gurea,
 Gure leinuaren seaska,
 Galizia, Espainetako min gozoa,
 Itsasoaren aurrean etzunik, bidean...