Gazteak eta kristalezko sabaia

HIZKUNTZA POLITIKARAKO Sailburuordetzak GU GAZTEOK txostena argitaratu zuen 2016an, Euskararen Aholku Batzordearen enkarguz. Oso lan txukuna da: laburra, zuzena eta esanguratsua. 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasuna aztertu eta zazpi ondorio proposatu ditu. Honatx:

  1. Euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasa da
  2. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira
  3. Euskarak gazteei eskaintzen dienari begiratu behar diogu
  4. Euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra
  5. Gazteen euskararen erabileran bi helduleku nagusi daude: ohitura eta diskurtsoak
  6. Gazteen praktika-komunitateetan gaztelaniak presentzia handia du
  7. Gazteen hizkuntza-praktiken bi ezaugarri nagusiak: nahasketa eta mudantza

Ikerketa partehartzailea da, eta zentralitatea ematen dio gazteen ikuspegiari. Barru-barrutik begiratzen dio gazteen errealitateari.

Beste ikuspegi batetik, bi kezka eta arrisku aipatu izan dira, gazteen egoera linguistikoari erreparatzeko:

  • Euskararekiko atxikimendu likido(ago)a.
  • Helduen hizkuntza-praktiken nagusitasuna eta erreferentziagarritasuna.

Lehenaz Jon Sarasuak hitz egin du sarri:

“Bizitza guztian ikastolan ikasi duen ikasle batek, mila teorema eta teoria ikasi ditu euskaraz, baina ez daki hizkuntz gatazka dagoen herri batean minimoki manejatzen, euskaldun koherente izaten. Daukan atxikimendu likido horrekin, ez du inolako arazorik erderara pasatzeko”

Horri aurre egiteko baliabideak ematea proposatzen du Sarasuak: espresiozkoak, arrazoibidezkoak, emozionalak…

Bigarrenaz Kontseiluak ohartarazi du, duela gutxi:

Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela “kristalezko sabai” batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Ildo horretan, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: “Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du”.

Oso gustukoak ditut metaforak. Kristalezko sabaia generoaren inguruan sortutako metafora da: emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezina da kristalezko sabaia. Beste hainbat alorretan ere erabili izan da, era guztietako minoriak dituzten trabak agerian jartzeko.

Nago Kontseiluak kontzeptua oso-oso era egokian erabiltzen asmatu duela! 

Zoritxarrez! ;-(


 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude