Zertaz ari gara, normalizazioaz ari garenean?

URTZI URRUTIKOETXEAK Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan emandako hitzaldi baten izenburua da: «Zertaz ari gara hizkuntza normalizazioaz ari garenean?». Berria egunkarian azaldu zuen bere tesia: «Gaztelaniaren makulua erraz onartzen dugu euskaldunok». Halako des-ikaste prozesu bat planteatzen du; zenbaitetan gaztelaniari uko egiteko prest egotea; gaztelaniaren des-hazkunde bat, nolabait esatearrren.

Normalizazioaz Urtzik azaldu zuen terminoa batez ere gure inguruan errotu eta zabaldu dela: gurean, Galizan eta Herrialde Katalanetan. Hemendik kanpo bestelakoak erabiltzen dira usuago: aménagement linguistique, language planning, language policy…  Agidanez, beste askotan bezala, hizkuntza normalizazioaren terminoa zein kontzeptua soziolinguistika katalanatik heldu zaigu.

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, normalizazioa da minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko prozesua. Egokia iruditzen zait, baina badakit terminoak berak ezadostasunak sortu dituela batean zein bestean.

Jakin aldizkariak uda partean antolatu zuen “Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekuan” izenburuko jardunaldian Maria Reimondez idazle eta itzultzaile galegoari normalizazioaz galdetu zioten: normalizazio linguistikoaz zein kulturalaz, gaizki ulertu ez banuen. [Hemen]. Hitzak sentimendu kontraesankorrak sortzen dizkiola esan zuen. Azaldu zuen Feijooren gobernuak normalizazio izena ezabatu nahi izan zuela nonnahitik, eta ikastetxeetako normalizazio taldeak dinamizaziorako taldeak bihurtu zituela. Dinamizazioa kontzeptu neocon-agoa da, antza. Alde horretatik, Mariak defendatu zuen normalizazioaren ikuspegia  iraultzailea dela, galegoa arlo guztietan presente egon behar dela aldarrikatzea baita.

Aitzitik, Feijooren munduan bizi nahi ez dugun pertsonen ikuspegitik, kontzeptuak kezka bat edo beste sortzen diola aitortu zuen; izan ere, zer da, bada, normala izatea edo zerbait normal egitea? Gaia literaturara eramanda, literatura bioaniztasun handiko lekua izan behar duela aldarrikatu zuen, eta hor normalek zein anormalek… denek behar dutela lekua. Txepetxek ere antzeko ideia bat zabaldu zuen inoiz, ezta? Zer da normala? Gaztelania? Gure buruari zer nahi dugun galdetzea gomendatzen zuen. Inguruan ikusten dugun berdina baina “euskaraz”? Bai? Merezi du? Ez ote da garaia beste zerbait pentsatzeko?

Ni neu ez nau normalizazio terminoak kezkatzen. Jaurlaritzaren eskutik, ikastetxeetan lantzen den Ulibarri programak oraindik ere horrela definitzen du bere burua: Hizkuntza Normalkuntza Programa.

EAEko jaurlaritzak izen arranditsuagoa hautatu zuen bere garaian: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Arranditsua bai, baina ez zen izen itsusia. Niri Benito Lertxundiren abestia ekartzen zidan gogora: “arantzak kendu nahi dizkio, bizi berri bat eman“. PSEk Eusko Jaurlaritza hartu zuenean, ordea, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia EBPN izatetik ESEP izatera: Euskara SUSTATZEKO Ekintza Plana, alegia. Neocon-agoa?

Sentitzen dut, baina aitortu beharra dut SUSTATU hitza ez dudala gogoko. Milaka aldiz idatzi behar izan dut ehunka txosten, memoria, justifikazio, kartel eta mezu elektronikotan. Tarteka, inor begira ez dagoenean, SUSTATU hitza ezabatu eta beste bat jarri izan dut bere lekuan: gehienetan INDARTU, SENDOTU edo horrelakoren bat, askoz hobeak ez direla jakin arren. Noiz edo noiz NORMALIZATU hitza idaztera ere animatu naiz.

Erantzun bat “Zertaz ari gara, normalizazioaz ari garenean?” bidalketan

  1. Eskerrik asko iruzkinagatik. Nik ere ez ditut gustuko “normalizazio/normalizatu” kontzeptuak, “normal” zer den eztabaidara eraman gaitzakeelako. Baina beste guztiak are gutxiago: sustatu, indartu, bultzatu, sendotu, babestu… minorizazioan sakontzeko aditzak dira, ez diolako hegemoniari eragiten, hizkuntza gutxituan baino ez duelako jartzen fokua, eta hegemonikoaren rola ez duelako aintzat hartzen. Gaur eta hemen diharduzuenok hala egin beharko duzue agian, ez dut ukatzen, nik diot zer egin izan den beste hizkuntza txiki baina hegemonikoekin: Estonian, Islandian, Eslovenian eta abar. Eta hor hegemoniaren borroka dago, nahi bada, “euskalduna hiltzea”, esan izan den legez, ekuaziotik kentzea, nola ingelesa kentzen den Erresuma Batuko eztabaidatik, hain da hegemonikoa, eta “beste minoriak” aipatzea. Baina horrek desikaste prozesua dakar, asumitzea non ez dugun hegemonia hori eta horretarako zein bide falta zaigun. Eta nik inposizio handiena eta aldatzeko konplikatuena eremu kulturalean ikusten dut, euskaldun gehienek borondatez eta gogotsu heltzen baitiote hor espainierari mundura begiratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude