Minoria aktiboen garrantzia

«EZ JARRI INOIZ DUDATAN pertsona burutsu eta konprometitu talde bat aski dela mundua aldatzeko. Egia esan, gaurdaino hori izan da funtzionatu duen gauza bakarra».

Margaret Mead antropologoaren hitzak dira.

Nonbait entzun dut, euskararen kasuan, minoria aktiboak ezinbestekoak izan direla iritsi garen lekura iristeko, eta are ezinbestekoagoak izango direla aurrera egiteko.

Sergi Moscovicik psikologia sozialetik planteatu zuen minoria aktiboen teoria. Bere definizioaren arabera, minoria horiek «kolektibo txikiak dira, gehiengoarenak ez diren arau eta balio propioetan oinarrituz, gehiengoaren jarrerak eta jokabideak aldatu nahi dituztenak».

Influentzia sozialari lotutako prozesuetan oinarritu zuen Moscovicik bere teoria. Bere ustez, minoria aktibo batek gehiengoarengan influentzia izan dezake, baldin eta hiru baldintza ematen badira: (a) lehenik, minoriak bere jarrera propioa definitu behar du; (b) bigarrenik, gaia problematizatu behar du: gehiengoak arazorik ikusten ez duen lekuan, arazoa azalarazi eta gatazka sortu behar du; (c)  hirugarrenik, kontsistentziaz jokatu behar du; batetik bere hautua zeharo kontzientea dela adierazteko, eta bestetik erdibideko konponbiderik onartzeko prest ez dagoela erakusteko. Gehiengoarengan disonantziak eta duda-mudak sortzea da kontua (baita neurri bateko errutasun sentimendua ere).

Hortaz, minorien influentziak gatazka sortzen eta kudeatzen jakitearekin du zerikusirik. Gatazkak tentsionamendua sortzen duen neurrian, gatazkaren parte diren pertsonek eta taldeek egoera berrebaluatu beharko dute halabeharrez. Haren esanetan, minoriaren papera ez da atsegina izatea, ez limurtzea eta ez seduzitzea, baizik eta gatazka sortzeko eta gidatzeko gai izatea. Horretarako, arrakastaren gakoa minoria aktiboen jokabidea omen da.

Moscovicik gatazkaren irakurketa positiboa egiten du, eta, emaitzak lortzeko, disonantziak margen batzuen barruan mantendu behar direla iradokitzen du. Interesgarria, ezta?

Erantzun bat “Minoria aktiboen garrantzia” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude