Hizkuntzen historia sozialaz (eta bi)

pageHeaderTitleImage_ca_ESEuskaltzaindiak euskararen historia soziala lantzeko atondu duen eredu metodologikoaz aritu nintzen aurreko sarreran. Hizkuntzaren historia soziala zientzia denez, metodoa ezinbestekoa dela defendatzen zuen Zalbidek

Zientzia soilik ez, hizkuntzaren historia soziala borroka politikorako arma ere bada. Akordatzen? Orain dela urte batzuk, bere hitzaldi solemne horietako batean, historia berridatzi nahi izan zuen Juan Carlos I-k, eta gaztelania ez ziren hizkuntzen aurkako errepresioa ukatu. Emili Boix-Fuster soziolinguista katalanak gogorarazi du, LSC aldizkariak historia sozialaz argitaratu duen ale monografikoaren hitzaurrean.

LSC, Llengua, societat i comunicació, Bartzelonako unibertsitatearen aldizkari bat da, fenomeno soziolinguistikoak eta komunikatiboak lantzen dituena. Historia sozialari buruzko ale horretan aurkitu ditudan ideia interesgarri batzuk ekarri nahi ditut hona.

[baga]

Katalanaren historia garaikidea paradoxikoa dela dio aldizkariak. Atzera begiratu eta bateratsu ikusten dira hizkuntza ordezkapenaren zantzuak eta bizitasun kulturalaren adierazgarriak.

Ikuspegi soziohistoriko batetik, Europan hiru iraultza ekolinguistiko handi izan direla azaltzen du testuak. Lehena erdi aroan izan zen, herri xehearen hizkuntzak idazten hasi zirenean. Bigarrena XV. eta XVI. mendeetan, lehengo hizkuntza xehe horiek, kasu batzuetan, garaiko monarkia absolutuen hizkuntza bihurtu zirenean; horrek Europako espazio komunikatiboaren segmentazioa ekarri baituzen. Hirugarrena, iraultza liberal burgesen ondoren, hizkuntza horietako batzuk hizkuntza nazionalak izatera iritsi zirenean.

Katalanaren arazoa —eta Europako hizkuntza minorizatu askorena— hor datza: Europako bigarren eta hirugarren iraultza ekolinguistiko horietatik kanpo geratu izana.

[biga]

llibre-historia-social-i-politica-de-la-llengua-catalanaHizkuntzaren historia soziala sarri aktore kolektiboen testigantzan oinarritu da: eliteak,
eskola edo eliza. Subjektu indibidualen lekukotza integratu beharra azpimarratzen dute. Aneta Pavlenkoren lana aipatzen da, esaterako. Harek AEBetara joan ziren immigranteen autobiografiak erabili zituen, pertsona horien bizipenetatik abiatuta immigrazioak ingelesa nola ikasi zuen kontatzeko. Hizkuntzaren historia sozialaren erronka hori da: bizipen pertsonal horiek guztiak bere narratiban integratu, une historiko bakoitzeko marko sozialarekin eta politikoarekin lotuz.

Soziolinguistika garaikideak hiru espazio edo leku aitortzen dizkio hizkuntzari: identitatearen lekua, erresistentziaren lekua eta elkartasunaren lekua. Subjektu indibidualen lekukotza eta bizipenak biziki pertinenteak dira espazio horiek aztertzeko.

[higa]

Katalanaren historia sozialean hiru fenomeno dago, egungo egoera ulertzeko bide ematen dutenak: (a) erabilera sozialaren atzerakada; (b) hizkuntza komunitatearen kohesio falta; (c) hizkuntzaren barneko aldaketak eta interferentziak ugaritzea. Hiru fenomeno horiek dira, hain zuzen, historian zehar aztertu behar direnak.

—-

Aldizkariak ideia interesgarri gehiago ditu. Nahi baduzue, hemen ikusi ahal duzue oso-osorik: http://www.raco.cat/index.php/LSC/issue/view/21338/showToc

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude