Orhiko xoria

BAGA – “Orhipean” da euskal kultura ezagutzeko gidalibururik ezagunena, bai atzerritarrentzat eta bai euskaldunentzat. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez argitaratu da. Lan dibulgatiboa da, atsegina eta entretenigarria, sakontasunik galdu gabe. Irakurri dudanez, Guggenheim museoa da Euskal Herrian Orhipean liburua gehien saltzen den lekua. Bitxia da. “Kanpotik heldu denak modernitatea ikusteko adinako jakin-mina baitu non dagoen jakiteko” —dio Xamarrek.

BIGA – Zuberoko esaera zaharrak halaxe dio: “Orhiko txoria, Orhin laket”. Menditik bestaldean —Aezkoan, alegia— antzera esan ohi dute: Orhiko txoria, Orhira tira. Hitz ezberdinak, baina sentimendu bera, mugarik ez baita ipar eta hegoaren artean [Niko Etxarten kantuaz akordatzen? “Mugatik bi aldeetan beita Eskual Herria”]. Dena den, Orhi ez da bakarra… bada besterik, antzeko mezua zabaltzen: Gorbeiako beleak, Gorbeiako jokerea. Oizko txoria, beti Oizera. Anbotoko beleak, Anbotora nahi.

HIRUR- Agur Xiberua kanta nork ez daki Zuberoan? Pierre Bordazarre Etxahun-Irurik idatzi zuen 1946an eta herriminaren abesti paradigmatikoa dateke. Azken ahapaldian horrek ere Orhiko Xoriaren aipua dakar:

Ametsa lagün nezak / Ni Atharratzerat / Ene azken egünen han iragaitera / Orhiko txoriaren khantüz behatzera / …

LAUR – Joseba Sarrionandiak “Han izanik hona naiz” saiakera liburua idatzi zuen 1992an. Izenburua Oihenartek jasotako atsotitz batetik hartu zuen. Gerora, Hitzen ondoeza liburuan azaldu zuen atsotitz horren esanahia:

Behiala, hegaztiak ere mintzo ziren sasoian, xori bat neguan hotzak hilda inguratu omen zen habia batetara. Habian beste xori bat bizi zen eta, hura handik ateratzeko asmoarekin, txori heldu berriak esan omen zion: ‘Orhin ekia bero’. Habiako xoriak, engainuaz oharturik, erantzun omen zuen: ‘Han izanik hona naiz’

BORTZ – Kantu herrikoi bat ere bada, Orhiko xoria izenburu duena. Hainbat bertsio grabatu izan dira; baina nik Erramun Martikorenaren ahotsean dut gustukoen (hemen). Horrek ere herrimina eta malenkonia zipristitzen ditu:

Orhiko xoria Orhin bakean da bizitzen. / Bere larre-sasietan ez da hura unhatzen. / Han zen sortu, han handitu, han ari zen maitatzen; / Han bere umen artean goxoki du kantatzen.

SEI – Orhiko Xoriak Joseba Sarrionandiaren beste olerki bat ekartzen dit gogora: Nekez uzten du bere sorterria (hemen, Mikel Laboaren ahotsean): 

Nekez uzten du bere sorterria / sustraiak han dituenak. / Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak / ez bada abaildu eta oholetan. / Ez du niniak begia uzten ez bada erroi edo arrubioen mokoetan. / Nekez uzten du gezalak itsasoa / ez hare harriak basamortua. / Ez du liliak udaberria uzten / ez elurrak zuritasuna. / Bere sorterria nekez uzten du / sustraiak han dituenak.

ZAZPI – Egun, ordea, jendeak erruz uzten du bere sorterria, ihesean… Europa puñetero honetan aterperik aurkitzen ez badu ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude