On-line kurtso batean ikasiak

lurraldea-eta-hizkuntza

Bi ikastaro egin berri ditut MOOC formatuan (MOOC: Massive Open Online Course). Bata UABk Coursera plataforman antolatutakoa; bestea UEUk Moodle plataformaren bidez emandakoa. Coursera MOOC ikastaroak antolatzeko berariazko plataforma da, Moodle ikastaro birtual tutorizatuak emateko sortua da, nahiz eta, malgua denez, MOOC formatuan ere ondo funtzionatzen duen. Ikastaro biak oso ezberdinak izan dira. Lehen begiratuan UABren ikastaroa hobeto antolatua iruditu zait: ikastunitate landuagoak, materialak ikastarorako berariaz sortuak, edukiak hobeto artikulatuak. Perspektiba zabalago batetik, ordea, ez dakit zer esan… UEUk antolatutako ikastaroa oso aberasgarria iruditu zait. Ikastaroa zein izen den? Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan: etorkizuneko erronkak

Ikastaroak euskara eta lurraldetasuna landu ditu, hizkuntza ekologiaren ikuspegitik. Ataza pare bat proposatu du, bereziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak.

Ekologiaren metaforatik tira eginik, arlo horretan natura-gune sare bat osatzea eta gune horiek pasabide ekologikoen sistema baten bidez lotzea proposatzen den era berean, ikastaroan ere halako zerbait proposatu da: nork bere eskualdean, lau arnasgune nagusi identifikatu (geografiko zein sozio-funtzional) eta horien arteko harremana indartzeko praktika ekologiko bat diseinatzea. Interesgarria. Hona batzuk:

  • Udaleko kirol eta euskara sailak eta herriko elkarte eta ikastetxeak uztartzea, eskola kirola euskara hutsez eskaintzeko; edo, Kataluniako “Plans educatius d’entorn” horien modura, tokiko eragile guztiak inplikatzea aisialdia euskaraz planifikatzeko.
  • Praktika komunitateak sortzea, hainbat administraziotan zein euskalgintza sozialean euskara planei buruz sortzen ari den jakintza partekatzeko.
  • Ikastetxeko eta euskaltegiko ikasleak inplikatzea, inguruko auzo euskaldunetako aiton-amonen hizkera dokumentatzeko.
  • Sentsibilizazio ikastaroak (Zergatik Ez, EusLider…) antolatzea, DBHko ikasleak eurak dinamizatzaile bihurtuta.
  • Arnasgune kontzeptua modu pedagogikoan azaltzea eta kurrikuluan integratzea.
  • Hileroko euskara-topaketak: helduak normalizazio-gaietan formatzen diren bitartean, ekintza ludikoak haurrentzat.
  • Eskualdeko arnasgune sozio-funtzionalen katalogoa egitea.
  • Mendi taldearekin batera, gune euskaldunak bisitatzea.
  • Gaztetxoak berri-emale bihurtzea, eta inguruko auzo euskaldunen albistegiak osatzea.

Proposamen bereziki originalik ez dagoela pentsa daiteke, baina hazi biltegi txiki baten moduan irudika daiteke… Baliteke horietakoren bat inon sustraitzea.

Beste atal batean, ikastaroan zehar landutako gaiak oinarritzat hartuta, gogoko testu edo material bat aukeratzea eta, iruzkin txiki batekin batera, partekatzea proposatu dute. Hor ere esteka-bilduma polita sortu dela iruditu zait. Adibidez:

Esan bezala, aberasgarria iruditu zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude