BATZORDE INTERDEPARTAMENTALAK

Inoiz egokitu al zaizue batzorde interdepartamental batean partea hartzea edo dinamizatzea?

Quim Brugué eta beste irakasle batzuen ustez interesgarria da egitura horiek aztertzea. Lau aztergai-multzo identifikatu dute, eta hainbat batzorderen azterketa egin. Aztergaiak honakoak izan dira:

  • Helburuak: zergatik eta zertarako dira batzorde interdepartamentalak?
  • Aktoreak: Nortzuek hartzen dute parte?
  • Faktore tangibleak: prozesuak eta errekurtsoak
  • Faktore intangibleak: harremanak, konfiantza eta lidergoa

Imagen1Irakasle hauen esanetan zeharlerrotasuna termino fetitxea da, edozertarako balio baitezake. Batzorde interdepartamentalak kontzeptu hura operatibo bihurtzeko sortu ziren, baina arrakasta txikia izan dute: helburu argiak eta errelebanteak betetzeko sortu ziren, eta espazio lausoak eta irrelebanteak bihurtu dira. Hori da marka, gero! Zeharlerrotasuna irtenbide gisa proposatu, eta arazo bihurtu.

Quim eta enparauen ustez, antzerki baten modukoak dira batzorde interdepartamentalak: zaharlerrotasuna antzezten dute, baina den-denak kontzienteak dira errealitatea oso bestelakoa dela. Batzorde hauen helburua informazioa partekatzea da, eta kontzientziak lasaitzea… askoz gehiago ez. Espazio erritualizatuak dira, ez deliberazioa bermatzeko edota irtenbideak era kolektiboan eraikitzeko espazioak. Ez dute erabakirik hartzen, eta ez dute erabakirik inplementatzen. Ez dira organo politikoak, ezta organo tekniko huts-hutsak ere: beren helburu nagusia ez da erabakiak hartzeko prozesuetan intzidentziarik izatea, ezta politika publiko eraginkorragoak izatea ere… edo bai: bi helburuak dituzte aldi berean, eta bakar bat ere ez.

Faktore intangibleak ere garrantzitsutzat jotzen dituzte. Egitura piramidaletan autoritatea da funtzionamenduari eusten dion zementoa; egitura horizontaletan, ordea, konfiantza. Konfiantza igurtzitik sortzen dela esan ohi da, eta igurtzi gutxiko organoak dira batzorde interdepartamentalak. Lidergoari dagokionez egoera ezberdinak identifikatu dituzte: oro har lidergo politikoa urrun samar atzeman dute, eta lidergo teknikoa ez erabat egokia. Izan ere, zeharlerrotasunak lidergo berezia eskatzen baitu, intentsoa eta apala era berean: intentsoa, inertziak gainditzeko intentsitatea behar delako; apala, beharrezkoa delako lankideen ezagutzatik elikatu behar garela onartzea.

Ikuspegi derrotista samarra? Ez dakit, bada! Ni neu bi ondoriorekin geratzen naiz:

  • Lehen esan bezala, batzorde interdepartamentala ez da espazio politikoa eta ez teknikoa. Zer da, bada? Artikuluaren egileen ustez, ikasketarako espazioak dira: elkarrizketa eta elkarrekintzaren bidez elkarrekin ikasteko espazioak eta deliberazioaren bidez ezagutza praktikoa sortzeko espazioak
  • Batzorde interdepartamentalak hainbat baldintza behar ditu ondo funtzionatzeko: lehentasun politikoa, helburu ondo definituak, arduradunen konpromiso esplizitua eta lidergo errelazionalaren bultzada. Baldintza horiek betez gero, aberasgarriak izan daitezke.

Eta ideia probokatibo bat, amaitzeko: euskara planetarako batzorde interdepartamentalak beharrezkoak al dira? Kontuan izan! Irakasle hauen arabera, batzorde interdepartamentalek soil-soilik zentzua dute, baldin eta gaia lehentasunezkoa bada, eta baldin eta benetan agintarien agenda politikoan badaude.

Oso ikuspuntu kritikoa, baina oso artikulu interesgarria. Hemendik eskuratu dut:

¿Inteligencia administrativa para abordar “problemas malditos”? El caso de las comisiones interdepartamentales. Quim Brugué, Ramón Canal, Palmira Paya. Gestión y Politica Pública. http://www.scielo.org.mx/scielo.php?pid=S1405-10792015000100003&script=sci_arttext

Hiztun berriak, hiztun legitimoak

image_gallery2013ko abenduan hizkuntza gutxituetako hiztun berriei buruzko mintegi bat izan zen Bartzelonan: “Nous Parlants: un concepte en construcció / New speakers: concept in progress”. Gerora dossier monografiko bat argitaratu dute DIGITHUM aldizkarian. Dossierrak aukera ematen du gaia herrialde ezberdinetan nola lantzen ari den ikusteko… Nor dira hiztun berriak? Zein beren tipologia? Nola, zenbat eta zergatik ikasten dute? Nola negoziatzen dute beren legitimitate eta autoritate linguistikoa?

Merezi du begiradatxo bat ematea.

Euskaldun zahar vs. Euskaldun berri

Euskal Herrian euskaldun zahar / euskaldun berri dikotomia aztertu da. Euskaldun zaharra da, oraindik orain, hiztun legitimoaren eredua. Hiztun berrien artean badira legitimitate hori bera eskuratu, “euskaldun berri” etiketa gainetik kendu, eta beren burua  euskalduntzat hartzen dutenak (ez berri, ez zahar… euskalduna). Bi dira horretarako gakoak: hizkuntzaren erabilera (testuinguru euskaldun batean bizitzea edota gizarte-sare euskaldunak izatea) eta hizkuntzaren aldaera (hizkuntza “naturala” erabiltzea, lekuan lekuko aldaera, erregistroetan aberatsa).

Hiztun esentzialak

Galizian hiztun berrien tipologizazioa galizieraz egiten duten erabileraren arabera egin dute: hiztun berri esentzialak, funtzionalak, okasionalak eta potentzialak bereizi dituzte. Horren arabera, hizkuntza-jokabidea erabat aldatzen duten hiztunak dira hiztun berri esentzialak. Minoria bat dira, baina hizkuntzarekin oso-oso konprometituak, bizitzaren arlo guztietara eramaten baitute hizkuntzaren erronka. Minoria izatea ez da beti txarra. Minoria izatea kontzeptu konplexua da, beren ustez: botere gutxi duen gizataldea minoria bat da, gizarte eraldaketa bilatzen duen talde berritzailea ere bai.

Muda linguistikoak

Irlandan eta Katalunian muda linguistikoen gaia landu dute. Gure artean Pello Jauregik ere halako zerbait aipatu izan du. Muda linguistikoak hizkuntza-aldaketak dira, hiztunen bizitza-ibilbidearen une kritiko jakinetan eragiten direnak. Irlandan zazpi une identifikatu dituzte, hizkuntza aldaketak eragin ditzaketenak: (1) lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara igarotzea, (2) bertako hizkuntza nagusi duen eskola batera aldatzea, (3) zonalde soziolinguistiko aldekoago batera aldatzea, (4) unibertsitatera igarotzea, (5) familian aldaketak, (6) lanean aldaketak, (7) erretiroa hartzea. Irlandan ikusi dutenaren arabera, aldaketa hauek guztiak mugarri txikiak dira, arian-arian erabilera maila altuagoa eragiten dutenak. Aldaketa metagarriak dira. Katalunian, ordea, aldaketa horiek bat-batekoagoak izan ohi direla ikusi dute: inflexio-puntuak dira.

Hizkuntza gutxituak eta harrera egitea

Herrialde katalanetan aspaldi nabarmendu dute etorkiznen lehen harremana harrera-gizartearekin gaztelaniaz dela eta ez katalanez. Hala ere, prozesua graduala dela defendatzen dute, gaztelaniarekin hasten dela baina ez da erabat amaitzen katalana ere eskuratu arte. Gaztelania hizkuntza franko gisa legitimatzen da; katalana “integrazio sinbolikotzat” jotzen da.

Dossier osoa hemen eskuratu daiteke:

PUIGDEVALL, Maite (coords). (2013). “El nous parlants de llengües minoritàries: pertinences i legitimitats » [dossier en línia]. Digithum. Núm 16. UOC . [Kontsulta-data: 2015-05-12]. http://digithum.uoc.edu/ojs/index.php/digithum/article/view/n16-puigdevall/n16-pugdevall-cat

Aste honetan hitzaldi bat egon da Deustuko Unibertsitatean: Hizkuntza gutxituetako hiztun berriak hiztun aktibo bihurtzeko gakoak. Pena izan da bertaratzerik ez izana.