Hizkuntzaren sustapena egiten duten entitateak

Ezagutzen al duzue “Cens d’entitas de foment de la llengua catalana” proiektua? Katalanaren sustapena egiten duten entitateen erregistro publikoa da, antza. Horri buruzko albiste bat irakurri dut, duela gutxi:

“Enguany 142 associacions i fundacions formen part del Cens d’entitats de foment de la llengua catalana /…/ 82 pertanyen a l’à mbit cultural, 17 a foment de la llengua, 11 a integració social, 7 a joves i lleure, 11 a organitzacions empresarials i sindicals, a més de l’à mbit de l’esport, la formació, els col·legis professionals i les noves tecnologies”

Hortaz, erregistroan 142 elkarte eta fundazio dago izena emanda. Ez dira soilik zuzen-zuzenean katalanaren langintzaren baitako entitateak (gure euskalgintzaren parekoak). Bestelakoak ere ageri dira: kultura arlokoak, gizartegintzakoak, hezkuntzakoak, enpresa mundukoak… askotarikoak. Egitasmo interesgarria da. Web orrian www.gencat.cat/llengua/cens proiektuari buruzko azalpen ugari ageri dira, baita bideo dibulgatiboa ere:

Eta gurean? Zein dira euskararen sustapena egiten duten entitateak? Zenbat dira? Non daude? Euskalgintza nola definitu?

Urretxun horretaz aritu ziren. Euskalgintza artikulatu nahian, euskalgintza bera definitzera behartuta ikusi zuten beren burua: “Maila kontzeptualean, euskalgintzaren partaidetzat jotzen dira beren erakundeaz gain, gizartean euskararen normalizazioan eragiteko asmoa duten erakundeak”.

Mikel Zalbidek horri buruzko gogoeta egin zuen orain dela urte batzuk. Horretarako bi elementu erabili zituen: (a) euskalgintzaren aldeko asmoak eta (b) euskalgintzaren aldeko emaitzak. Hortaz, lau aukera zerrendatu zituen:

  • A Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, eta aldeko emaitzarik ere bai
  • B Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, baina aldeko emaitzarik ez
  • C Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, baina aldeko emaitzarik bai
  • D Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, eta aldeko emaitzarik ere ez

Lehen hirurei euskalgintzaren baitakoak zirela iritzi zien, baina halako bereizketa “txiki” bat egin zuen:

  • Berariazko euskalgintza dira lehen biak, euskararen sustapena berariaz bilatzen baitute.
  • Bide batezko euskalgintza da hirugarrena

Gogoeta Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian argitaratu zen, 2007. urtean, artikulu luzeago baten sarrera gisa: Iparraldeko Euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia. (pdf).


Source: Allartean

Hurbileko garapen eremua

Lev Semyonovich Vigotsky aditua zen garapenaren psikologian. Sobietar Batasunean hil zen 1934. urtean, baina bere lana ez zen mendebaldean ezagutu 60.en hamarkadara arte. Vigotsky-ren ustez ikastea prozesu soziokulturala da, interakzio sozialean oinarritua, sozializazioa helburu duena. Konstruktibismo sozialaren aitzindaria dela esan izan da.

Badakit gehiegi sinplifikatzea dela. Barkatuko didazue, ezta?

Vigotsky-k hurbileko garapen eremuaren teoria sortu zuen, interkazionismo sozialean oinarritua. Labur-labur esanik :

Garapen erreala da ikaslea, bera bakarrik, laguntzarik gabe, egiteko gai dena. Garapen potentziala, berriz, oraingoz eskuratu ez duen garapena da, oraingoz bera bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin lortu dezakeena. Hurbileko garapen eremua, hortaz, garapen errealaren eta potentzialaren arteko distantzia da.

Beste era batera esanda, “i” baldin bada pertsonak bere kabuz aparteko ahaleginik gabe egin dezakeena, ekintza pedagogikoak ikasleari “i + 1” eskatu behar dio, eta jauzi hori gainditzeko baliabideak eman (andamiajea). Gutxiago eskatzeak ez du zentzurik, ikaskuntzarako baliorik ez duelako; askoz gehiago eskatzea ere alferrikakoa da, horrek garapen eremutik kanpo eramango gaituelako.

Eta horrek guztiak zerikusirik al du hizkuntza normalizazioarekin? Bai, ezta? Esan izan da normalizazio prozesua gauzak beste modu batean egiten ikasteko prozesua dela: ikasketa-prozesu bat, azken batean.

Beste ideia bat hurbileko garapen eremuari loturik: Txepetxek, aspalditxo, tipo linguistikoak definitu zituen: A, [B], B, A[B], AB, BA… jatorrizko euskalduna, euskaldunberria, euskaldun kulturizatua, euskaldunberri natibizatua… Akordatzen?

Gerora, normalizazioari begira, tipo linguistikoen optimizazioa aldarrikatu zuen, Hiztunek beren gaitasuna hobetzea da kontua, eta horretarako hiztun tipo bakoitzak gertuko tipologian bilatu behar du bere erreferentea.

Julen Arexolaleibari entzuna diot galdera: zonalde erdaldundu batean, euskara eskolan ikasi duen (ikasten ari den) neska-mutikoarentzat zein da, euskararen ikuspegitik, erreferentzia positibo gertukoena? Zeinek lagundu ahal dio gehien? Agian, ikastetxean bertan bere antzeko egoera batean euskara(z) ikasi eta euskara berea egin duen gaztetxoa. Aisialdirako hezitzaileak bilatzen ditugunean, agian, horrelakoak hobetsi behar ditugu.


Source: Allartean

Don`t call me vasco

Bat

Orain dela aste batzuk abestia irratian entzun, eta aek-k duela urte askotxo egin zuen kanpaina bat gogoratu nuen:

SER VASCO/A NO ES SUFICIENTE
IZAN EUSKALDUN!
EL EUSKERA ES LA DIFERENCIA

Egia da garai hartan euskararen inguruko publizitate gutxixego egiten zela. Esango nuke euskaltegien matrikulazio kanpainak horregatik zirela esanguratsuak: nonbait, euskararen inguruko diskurtsoaren parte handi bat kanpaina horien bidez definitzen zen urtez urte. Agian gehiegi esatea da, baina nik halako oroitzapena dut.

Kontua da kanpaina horrek haustura txiki bat eragin zuela, ordura artekoekin alderatuta. Ordura arteko matrikulazio kanpainak koloretsuak ziren, bizi-biziak, atseginak, “amableak”. Kanpaina horrek hainbat kontzientzia astindu nahi zuen, eta mezua identitatearen ideiaren inguruan oinarritu zuen. Mezuak bazuen halako “deserosotasun” puntu bat, baina ondo funtzionatu zuen.

Bi

Kathryn A. Woolard antropologoak defendatzen du hizkuntza baten zilegitasuna bi ideia nagusiren baitan aldarrikatu ohi dela; bi ideologia linguistikoren baitan, alegia: egiazkotasunaren ideologia eta anonimatuarena. Hau da, hizkuntza gurea delako defendatzen dugu (gure identitatearen adierazpidea) edo denona delako (unibertsala, ez inongoa). Hizkuntza propioaren eta hizkuntza komunaren arteko tirabira da, azken batean.

Hizkuntza minorizatuek egiazkotasunaren ideologian oinarritu ohi dute beren estrategia. Hizkuntza hegemonikoek anonimatuan.

Woolard-ek Kataluniako egoera aztertu du bereziki. Han ere nabaritu du gazteen artean hizkuntzarekiko atxikimendua aldatu egin dela. Hizkuntzarekiko kezka bestelakoa da, antza; eta garai bateko “dolor de llengua” liburua aipatu du. Batzuentzat axolagabekeria da arazoa. Kontua da gazteek hizkuntza ez dutela ikusten gatazka edo arazo moduan: katalana dakite, eta hitz egiten dute; gaztelania ere badakite eta nahieran erabiltzen dute.

Woolard-en ustez, hori guztia trantsito baten ondorioa da: egiazkotasunetik anonimatura. Halako trantsito bat beharrezkoa omen da, maila batetik aurrera hizkuntzaren hedapenari eutsi nahi izanez gero.

Hiru

Dena den, Woolard-ek dio, bi ideologia horietatik, ez batak ez besteak ez diola katalanaren beharrei egoki erantzuten. Hirugarren bide baten beharra aldarrikatzen du. Aukerak ere ikusten ditu: aniztasunaren ideian oinarritzea, diferentzian, hizkuntzaren aldakortasunean, heteroglosian, hizkuntzarekiko jolasean, errepertorio linguistikoak aldarrikatzea…

Oharra. Woolard-en ideiak artikulu honetatik atera ditut gehienak: Les ideologies lingüístiques: una visió general d’un camp des de l’antropologia lingüística. Revista de Llengua i Dret, núm. 49, 2008


Source: Allartean